Lunes, 6 de febrero 2023, 12: 52
Bilboko Udalak Darabilbo euskarazko aisialdiaren otsaileko doako programan parte hartzera animatu ditu herritarrak berriz ere. Gogorarazi dutenez, hilabete honetan esku-lanen tailerrak, gastronomia-tailerrak, familientzako hitzaldiak eta beste zenbait jarduera eskainiko dira. Izan ere, bederatzi ekimenez osatutako programazioa planteatu dute hilaren 24ra bitarte.
Darabilbo programa Bilboko Udalaren eta Bilboko Euskaltegien Sarearen proiektu bat da, aisialdian euskararen erabilera sustatzeko xedea duena. Hala, euskara hobetu nahi dutenentzat edo, besterik gabe, euskaraz dibertitu nahi dutenentzat pentsatuta dago.
Hilabete honetan programazioa nola egongo den banatuta jakin nahi? Ostegunean, 9an, nagusiak eta haurrak batera partekatuko duten ‘Buruarinak’ familientzako tailerra eskainiko da, 16.00etan, Deustuko Bidarte udaltegian; larunbatean, 11n, ‘Berbalagunon sagardo txangoa’ ibilaldi bazkaria, Getxoko Egizu elkartekoekin batera (autobusa Txurdinagako kiroldegian hartuko dute 9.50ean); ostiralean, 17an, txaleko bat egiteko ‘Kakorratza-lana’ izeneko tailerraren 3. saioa, 18.30ean, Uribarriko udaltegian, eta ‘Buruarinak’ familientzako tailerra, 18.00etan, Gernikako Mirigorri kultur elkartean; hilaren 22an, asteazkenean, Jose Ramon Etxebarriaren ‘Argian dago giltzarria’ hitzaldi solasaldia, 19.00etan, Santutxuko udaltegian; 23an, ostegunean, ‘Maus’ komiki aurkezpena eta solasaldia Julen Gabiria itzultzailearekin, 19.00etan, Basurtuko udaltegian, eta ‘Eguen beltz’ garagardo ilunen dastaketa, Bilbo Zaharreko Xake espaloian; eta amaitzeko, 24an,’Buruarinak’ familientzako tailerra Santutxuko udaltegian, 18.00etan.
Programa horretako ekimenetako edozeinetan parte hartzeko, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea darabilbo.eus webgunean, [email protected] helbide elektronikoan edo 607 530 132 telefonoan. Gainera, telefono-zenbaki horretan bertan, nahi duenak bere ideiak proposa ditzake.Doako jarduera horietan parte hartzeko baldintza bakarra da 16 urte beteta izatea (familiako jardueretan izan ezik).
- Temas
- Euskera